“Trinkoa den guztia urtu egiten da, santua den guztia profanotu egiten da, eta azkenik, gizakia beharturik aurkitzen da bere bizi-baldintzei eta besteekiko bere harremanei aurrez aurre begiratzera”. Hitz hauek, liburutegian ordu luzez ikasten ari diren bi ikasleren arteko une bateko begirada islatzen dute, selektibitateko azterketak prestatzen ari direla. Kezka eta tentsio une horretan, bat-bateko atximur bat sentitzen dute, bihotzean eta gorputz osoan zehar, lortu beharreko notek eragindako kezka guztiak urtuz. Mahaitik altxatu eta liburutegiko komunetan, santua den guztia profanatzera doaz, azterketak, bizi-baldintzak eta dena alde batera utzita, elkarrenganako pasio konkretu horri aurre egiteko.
Azterketa baino lehenago, materialismo historikoaren kontuak alde batera utzi dituztela konturatuko dira. Denbora pasatzen ari dela eta ikasteko aukera gehiagorik ez dagoela jabetzean, azterketan gai hori tokatuz gero, kopiatzea izango dela aprobatzeko bide bakarra ulertuko dute. Belaunaldi honetako kideek, mendeetako tradizio bat ahaztu dutelakoan, beren burua madarikatuko dute: trinkoa zen guztia digitalizatu da, santua zen guztia ere bai, eta ikaslea errealitate gordinari aurre egitera behartuta dago: ez daki txuletak egiten.
Joan den astean, Peru Amorrortu Barrenetxeak Berria egunkarian argitaratutako artikulu batean, arte baten galeraren berri eman zuen: azterketetan kopiatzeko erabiltzen ziren letra mikroskopikodun ohartxoak desagertzen ari dira. Smartwatch-ek, ChatGPTk, betaurreko adimendunek eta beste teknologia berriek kendu diete lekua txuletei. Artikuluak azpimarratzen duenez, ikasleen sormena zen nagusi azterketetan, irakasleen aurrean, erregela baten atzean itsatsitako Erdi Aroko literaturaren historia edo esku barruko tolesturetan idatzitako formula matematikoak bezalako teknikak erabiliz.
Belaunaldiz belaunaldi transmititzen ziren txuletagintzaren teknikarik aurreratuenak, eta erronka zen aurrekoengandik jasotakoa hobetzea, askotan txuletaren fabrikazioan bikaintasuna lortzeko denbora gehiago erabiliz. Txuletaren artea menperatzen zuenak fede arraro bat ere garatzen zuen, gainera. Adibide gisa, ikaskide baten esperientzia kontatzen du, selektibitateko Filosofiako azterketarako txuleta bat bakarrik egin zuena, eta azkenean Platon tokatzean poz handia hartu zuena.
Azkenik, egileak iradokitzen du txuletagintza analogikoak oraindik bizirauteko modu bat izan dezakeela: tatuajeen bidez. Gaur egungo gazteek, gorputzean betirako marraztuta dituzten ilustrazioen artean, azterketak pasatzeko ohar lagungarriak erraz disimulatu ahalko lituzkete. Nahiz eta ez izan kopiatzeko metodorik sinpleena, aurreko belaunaldietako txuletagileek harro begiratuko liekete, "katea ez da eten" aldarrikatuz.




