Arratia Konpainia 1936ko uztailaren 18ko altxamendu militarra gertatu eta gutxira sortu zen, bertako boluntario gazteekin. Arteako seminarioan prestakuntza labur bat jaso ondoren, frontera bidali zituzten. 1936ko urriaren 4an, reketeek Elgetako Intxorta mendia eraso eta Gaztelumendi hartu zutenean, arratiarrak izan ziren bertaratzen lehenak. Arratiar baserritarren lehen erasoaldia izan zen hura, baina lortu zuten posizioa berreskuratzea.
Erasoaldi hark Juan Lejarreta Iturbe arteaztar bat hilik eta hemezortzi zauritu utzi zituen Arratia Konpainiarentzat. Hala ere, garaipen historiko eta garrantzitsua izan zen euskal frontearen egonkortzerako. Zazpi hilabetez erasoaldiak geldiaraztea lortu zuten arratiarrek, besteak beste, lehenengo Eusko Jaurlaritza sortzea ahalbidetuz. Arratiako heroi haien lorpenak Eusko Gudariak ereserkian ere jaso ziren.
Omenaldia elizatik hasiko da, non Arratia Konpainiako gudariak formatu, armak hartu eta bataila gunerantz abiatuko diren. Salbador ermitan, Irrintzi Batailoiarekin bat egingo dute borrokaldira elkartzeko. Aurrera egitean, kamilero eta erizainekin topo egingo du taldeak, eta geroago artilleriaren eraso bat simulatu egingo da. Intxorta-txiki eta Gaztelumendi artean egingo da erasoaldi eta batailaren errepresentazioa. Amaitzean, karlisten bandera jaitsi eta ikurriña altxatuko da. Jarraian, belgikar boluntarioek jarritako metrailadore posiziora helduko da taldea. Bertatik, lubakietara eta gero herriraino jaitsiko dira berriz hurbildutakoak. Bide osoan zehar azalpenak emango dira eta jarduera hiru ordu ingurukoa izango da.
Errepresentazioetan parte hartu nahi izanez gero, hilaren 11ra arte eman daiteke izena 670 406 564 telefonoan.




