Joan den aste bietan, Igorre zein Zeanuri ko eskoletan eta Arratia BHI institutuan dabiltzan 35 ikaslek zailtasunak izan dituzte ikastetxeetara joateko garraio zerbitzuekin. Auzoetan bizi diren ikasle batzuk taxiz joaten dira zentroetara, baina aurten Hezkuntza Sailak taxi gidarientzako lizitazio prezioak %30 jaitsi izanak ibilbide batzuk esleitu gabe uztea ekarri du. Beste batzuk, aurreko urteko lizitazioen luzapenei esker funtzionatu dute.
Hori dela eta, ikasturteko lehen egunetan familiek beren gain hartu behar izan dituzte gastuak. Egoera honen aurrean, hilaren 11n gurasoak bildu eta idatzi bat kaleratu zuten arazoa salatuz. Aste honetan, garraio zerbitzua pixkanaka berrezartzen joan da, baina egunotan ere arazo ugari salatu dituzte gurasoek: itxaron eta zerbitzurik gabe geratu diren umeak, berandu heldu direnak eta autobusetan ordubetetik gora egon direnak.
Gaur, BEGITU k Hezkuntza Sail eko komunikazio taldearekin hitz egin du. Bertatik, autobusen kontratazioarekin arazoa konponduta dagoela adierazi dute. Hala ere, gaur goizean bertan gurasoen kexak jaso dira: "Autobusak kontratatu dituzte, baina garraio zerbitzua ez dabil funtzionetan". Gurasoek, Eguzkiñe Barandika eta Ima Baliñas, salatu dute gidariei ez zaiela behar bezala informatu.
Eskola-umeak garaiz heldu badira ere, gurasoek adierazi dute institutuarena "desastre bat" izan dela. "Ume batzuk 07:20an eta beste bat 07:38an utzi dituzte institutuan, eta ez da legezkoa, goizeko 07:45ean utzi ahal baitira (ordurarte ez dago zaintzailerik). Garraioa 08:07an heldu da, eta ordurako guraso batek jaitsi egin behar izan du, klasera 08:15ean sartzean direlako" azaldu dute.




