Amurrioko kaleak euskal herriko txoko ugaritatik etorritako milaka pertsonaz bete dira gaur Araba Euskaraz jaia ospatzeko. Aresketa Ikastolako hezkuntza komunitateak antolatutako ekitaldi erraldoiak, 10:00etatik aurrera, hainbat ekintza eskaini ditu Amurrioko hiru gune nagusitan banatuta.
Jaiari hasiera ofiziala Aresketa Ikastolako harrera ekitaldian eman zaio, gizarte eragile eta administrazioko ordezkaritzaren aurrean. Bertan, Arabako Ikastolen lana goraipatu dute, "Araba euskaratik eta euskaraz josteko egunero egiten duten lanagatik". Lekukoa datorren urteko antolatzaileei eman zaie: Argantzungo Ikastolak hartu du lekukoa, Trebiñun ospatuko den hurrengo Araba Euskaraz antolatzeko.
Festa herrigunera jaitsi da gero, batukadaren erritmoan. Ekintzak parkean eta Refor kirol-gunearen inguruan antolatu dira, musika, jan-edana, jolasak eta postuekin. Bero handia izan bada ere, jai giroa Amurrioko bazter guztietara zabaldu da.
Araba euskaraz josteko egunero egiten duten lanagatik.
Aiaraldea Komunikabideak zuzeneko emanaldi berezia egin du jaia bertatik bertara jarraitzeko. Itxaso Ugarte, Aresketa ikastolako zuzendaria, gonbidatu izan dute antolakuntza prozesuaz eta jaiaz hitz egiteko. Gainera, Belgorri taldeak bere azken kontzertua eskaini du parkean, bost urteko ibilbidea eta jaiko kantuen rankinga partekatuz.




