URSSAko bizilaguna: "Arratoien bizitza dut"

Gasteizko URSSA lantegi abandonatuan bizi den pertsona batek bere egoera latza salatu du, Ertzaintzak Errekalerrera bideratu ostean.

Irudi generikoa lantegi abandonatu baten barrualde ilunari buruzkoa.
IA

Irudi generikoa lantegi abandonatu baten barrualde ilunari buruzkoa.

Gasteizko URSSA lantegi abandonatuan bizi den herritar batek bere egoera salatu du, bizitzeko baldintza kaskarrak eta Ertzaintzaren jazarpena azpimarratuz.

Hala Bedi eta Arabako Alea hedabideek eskuratu duten lekukotasun batek Gasteizko URSSA lantegi abandonatuan bizi diren pertsonen egoera larria agerian utzi du. Bertan bizi den herritar batek azaldu duenez, hilabeteak daramatzate argirik, urik edo komunik gabe, eta Polizia sarri agertzen da lantegian, batez ere gauez. "Bizitza oso zaila da, oso zaila", adierazi du, "pertsona bat naiz, arratoi baten bizitza dut".
Lekukoak salatu duenez, maiatzaren 10ean Ertzaintza indarrez sartu zen lantegian, bospasei ertzain kaleko arropaz jantzita eta beste asko uniformatuta. "Borrekin eta zizailekin etorri ziren, ordu txikitan", eta "Kanpora denak!" oihukatu zieten, beldur handia sortuz bertan zeudenengan.
Gau hartan, Poliziak lantegiko pertsona guztiak atera eta ilaran kokatu zituen, aurrekari penalak zituztenak laranja eta aurrekari gabeak berde sailkatuz. Hurrengo egunean, maiatzaren 11n, Ertzaintza berriz agertu zen URSSAn eta bertan bizi ziren pertsona batzuei esan zieten denbora gutxi geratzen zitzaiela lantegian eta Errekaleorrera joatea gomendatu zieten. Horren ondorioz, jendea Errekaleorrera joan zen, eta ondoren gertatu ziren istilu larriak.
Errekaleor Bizirik plataformak eta beste 47 Gasteizko eragilek agerraldi masiboa deitu dute astelehen arratsaldean, Faxismoaren eta gehiegikeria polizialaren aurrean herri boterea indartzeko helburuarekin. "Pertsonak gara, ez animaliak, eta bizitzeko eskubidea daukagu", adierazi du bideoan testigantza eman duen herritarrak.