TUVISAk 1.792.472 bidaia erregistratu zituen irailaren amaieran, hilabete horretako daturik altuena. Udal-autobusen erabilerak 128.166 bidaia gehiago izan zituen 2025eko irailarekin alderatuta, %7,7ko hazkunde interanuala izanik, eta udan izandako bilakaera positiboari jarraipena emanez. Horrela, 2026ko lehen bederatzi hilabeteetan 14.962.473 bidaia egin dira udal-garraio publikoan, iazko aldi berean baino 932.947 gehiago (%6,6ko igoera).
Udako etenaldiaren ondoren jarduerara itzultzeak bereziki indartu du Gasteizko hedapen-auzoak lotzen dituzten hainbat linearen erabilera. Aipagarriak dira Goikolarra zerbitzatzen duten bi lineak: L9 Gamarra–Goikolarra %21,5 igo da eta 52.423 bidaia egin ditu; L3 Betoño–Goikolarra, berriz, %14,9 igo da, 72.488 erabiltzailerekin. Hazkunde portzentual handienen artean dago L8 Unibertsitatea ere, 57.372 bidairekin eta %17,6ko igoerarekin.
Salburua eta Zabalganarako konexioak ere aurrera doaz. L5 Arkaiate–Elejalde eta haren luzapenek 219.417 erabilpen zenbatzen dituzte, %9,4 gehiago, eta iazko irailarekin alderatuta 18.916 bidaia gehigarri ekarri dituzte. L6 Zabalgana–Arkaiate lineak 241.528 bidaia erregistratu ditu, %6,6ko hazkundearekin eta 14.981 erabilpen gehiagorekin.
Emaitza horiei L4 Lakua–Mariturri linearenak gehitzen zaizkie, 244.128 bidaia egin dituena eta %8 hazkunde duena, eta L10 Aldaia–Larrein, 179.468 erabiltzailerekin eta %7,3ko igoerarekin. Datuak Goikolarra, Salburua, Zabalgana eta Mariturrirako konexioetan batez bestekoaren gainetik dagoen erabilera-igoera erakusten dute.
Uztailaren 23tik martxan dagoen L11 Zabalgana–Lakua linea berriak bere erabilera irabazten jarraitzen du. Irailean 25.563 bidaia erregistratu ditu, abuztuko 14.005en aldean. Igoera 11.558 erabiltzailekoa da, %82,5 gehiago. Bilakaera eguneroko batez bestekoan ere islatzen da, abuztuko 452 bidaiatik irailgo 852ra pasatuz. Martxan jarri zenetik, konexio berriak 44.150 erabilpen pilatu ditu.
Hileroko balantzea Gautxori zerbitzuaren erabileraren igoerarekin osatzen da. Gaueko zerbitzuek 10.916 bidaia zenbatetsi dituzte, iazko irailarekin alderatuta %5,5 gehiago.




