Kai Odriozola, berriz, bigarren txandan galdu ostean, errepeskan aritu beharko da aurrera jarraitzeko aukerak izateko. Munduko Surf Txapelketako gizonezkoen bigarren txandan, euskal lehiakide guztiek lortu dute hurrengo faserako txartela.
Hans Odriozolak lehenengoa izan da uretan sartu denetatik, bigarren manga jokatu duena. Donostiako anaia gazteagoak lehen txandan baino zailagoa izan du gaurkoan pasatzea; izan ere, manga azken segundura arte erabaki gabe egon da. Lau lehiakideek bukaeraraino borrokatu dute hurrengo faserako bi txarteletako bat lortzeko. Bryan Perez salvadortarrak irabazi du seriea 10.63ko puntuazioarekin, eta Hansek 10.57 puntu eskuratu ditu. Chia Chi Yu taiwandarra 10.27rekin geratu da eta Liam Wilson samoarra 6.44rekin.
Ruben Vitoriak zertxobait gutxiago borrokatu behar izan du, erosoago pasatu baita hurrengo txandara. Dena dela, sei olatu hartu behar izan ditu txartela ziurtatzeko. Mangan ez da erraza izan olatuak irakurtzea, baina zarauztarrak aurrera jarraitu du, 10.66ko puntuazioarekin, manga irabaziz. Atzetik izan ditu Ntokozo Maphumulo hegoafrikarra (8.86), Reed Platenius kanadarra (7.9) eta Oliver Rijssenbeek herbeheretarra (7.37).
Euskal surfisten jardunaldia Kai Odriozolak itxi du. Anaia zaharrenak ez du egun onena izan, laugarren amaitu baitu bere mangan. Horrenbestez, aurrera jarraitzeko errepeskan aritu beharko du. Lucca Mesinas olinpiarrak irabazi du manga (14.4), Romeo Chavez kolonbiarrak 10.97 lortu du, Oscar Urbina costarricarrak 10.3, eta Kai bera 4.93rekin geratu da.




