Ziurgabetasun egoeran, merkataritzak beharrezko eraldaketa bat aurreikusten duela nabarmenduz, sailburuak "hurbileko merkataritzaren presentzia, kohesio sozialerako duen rola" aldarrikatu du. "Badakigu merkataritza lokala berritzen ari dela, aldaketa horietara egokitu eta eraldaketa digitalarekin eta omnikanalitatearekin bat egin behar duela. Baina badakigu, era berean, merkataritza lokalak etorkizuna duela eta gure kaleetan duela", adierazi du.
Gonzálezek administrazioen eginkizuna azpimarratu du, hiriak gizatiartzeko eta tokiko merkataritza babesteko orduan. "Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak argi du hori, eta horregatik, gure merkataritzari bideratuko dizkiogun baliabideak %15 handitu ditugu. Eta hazten jarraituko dute datozen urteetan. Horrek esan nahi du laguntzak indartzea, hala nola merkataritza-establezimenduen modernizaziorako laguntzak, %15 hazten direnak, edo ekintzailetza komertzialerako Merkaekin laguntzak, %50 handitzen direnak. Gainera, merkataritza-leialtasuna indartuko da proiektu integral baten bidez, non elkarte eta establezimendu guztiak konprometitzea nahi dugun, eta 1,7 milioi euroko aurrekontua izango duena."
Sailburuak gaineratu duenez, merkataritza lokala babestea ez da aukera ekonomiko bat bakarrik, "gure komunitatearen ehunean egindako inbertsioa ere bada".




