Gernika-Lumoko Udalak, beste 95 udalerri eta mankomunitaterekin batera, Euskarazko Produktuen Katalogoaren 28. edizioa argitaratu du. Katalogo honek, urtero bezala, liburuak, musika eta bideoak euskaraz erosteko eta oparitzeko aukerak sustatzen ditu, bereziki gazte eta nerabeen artean.
Edizio idatzia, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa lurraldeetan banatzen ari diren 58.000 alekoa, bi atal nagusitan dago antolatuta: 0-12 urteko haurrentzat eta 12-16 urteko gazteentzat. Gainera, bi azaletako diseinuak bilaketa errazten du adin tarte bakoitzari zuzendutako eskaintzari garrantzia emanez. Edizio honek produktu berrien, aniztasunaren eta kalitatearen irizpideak jarraitzen ditu.
Bestalde, katalogoa.eus webgunea etengabe eguneratzen da argitalpen berriekin eta deskatalogatutako produktuak kenduz. Gaur egun, 8.600 produktu inguru biltzen ditu. Paperezko bertsioak bezala, edizio digitalak bi atal nagusi ditu: 0-12 urtekoentzat eta 12-16 urtekoentzat. Erabiltzaileek produktu mota ezberdinen araberako bilaketa zehatza egin dezakete, titulu, egile, argitaletxe, adin eta prezioaren arabera ordenatuz. Interesatzen zaien produktuetara iristeko, 'non eskuratu' botoia sakatuta argitaletxeen online dendetara joan daitezke.
Urte osoan zehar azken berrien berri izateko, katalogoa.eus webguneak buletin elektroniko baterako harpidetza egiteko aukera eskaintzen du. Horrela, urtean zehar argitaratutako produktu berrien erreferentziak jasotzen dituzten 10 buletin jasoko dituzte interesdunek. Webgune honen helburua da erabiltzaileei merkatuan aurki daitezkeen azken euskarazko produktu berritasunak modu errazean eskaintzea.




