Hauteskundeetarako Mahaiei presidentea eta kideak izendatzeko zozketa egin da gaur goizean, azaroaren 29an izango diren Hauteskunde Orokorretarako. Ekitaldian izan dira Sonia Díaz de Corcuera, Erroldaren eta Hauteskunde Prozesuen unitateko zinegotzia; Nuria García, Batzar Nagusiko Idazkari Nagusi Akzidental; eta hainbat udal sailetako teknikariak.
Zozketarako Estatistika Institutu Nazionalaren programa erabili da. Mahaiburutza eta bi bokalen postuetarako titular bat eta bi ordezko hautatu dira. Gainera, postu bakoitzeko beste 12 pertsona hautatu ditu programak, hasieran aukeratutakoak erabilgarri ez badaude.
Guztira 2.727 pertsona izendatu dira Vitoria-Gasteizko 36 hauteslekuetan kokatutako 303 mahaiei eusteko. Azaroaren 3tik 5era bitartean jakinaraziko zaie izendapena eta argibide-eskuliburuak banatuko zaizkie.
Pertsona hauek zozketan parte hartu duten 145.192 pertsonetatik aukeratu dira, 70 urtetik beherakoak izan behar dute eta zenbait baldintza bete behar dituzte.
Udalak ez ditu zozketaren emaitzak argitaratuko, datu pertsonalen konfidentzialtasuna babesteko. Hala ere, hautetsi izan diren jakin nahi dutenek azaroaren 3tik 5era kontsultatu ahal izango dute aurrez aurre, edozein gizarte-etxetan eta San Martín eta San Antonio arreta-bulegoetan, identifikazioa egiaztatuta eta aurretiko hitzordurik behar izan gabe.
Azaroaren 29ko hauteskundeetan, 193.746 gasteiztarrek eta 7.272 atzerrian bizi diren gasteiztarrek izango dute botoa emateko eskubidea. Mahaiek 9:00etan ireki eta 20:00etan itxiko dituzte ateak, orduan hasiko baita emaitzen zenbaketa.




