Foru gobernuak gaur onartutako proiektu honek Pobes herria zeharkatzen duen trenbide pasagunetik autoak kentzea du helburu nagusi. Pasagune hau Arabako errepide sareko gatazkatsuenetako bat da, Añana Kuadrillako errepide nagusietako batean kokatuta baitago eta Gatz Haranera sartzeko bide nagusia baita.
Trenbidea saihesteko, 2,8 kilometroko luzera duen ingurabide bat eraikiko da. Lehenengo 875 metroak egungo trazaduraren gainean egingo dira, eta 420 metroko luzera eta 20 metroko altuera duen biaduktu bat ere eraikiko da, trenbidea eta A-4316 errepidea zeharkatzeko. Ibilbide berriak herrigunea ekialdetik eta hegoaldetik inguratuko du, Baia eta Añana ibaien ertzetik, trafikoa erdigunetik kanpo utziz.
“"Pobesko trenbide pasagunea saihestuko duen errepide bat eraikitzeko beharra defendatu du, baina ez dator bat aldundiak aurkeztu duen proiektuarekin, herria isolatuta geratuko litzatekeelako, eta 'katastrofe bat' izango litzatekeelako."
Erriberagoitiko Udalak hasieratik arbuiatu du aldundiak sustatutako proiektua. Udalerriko alkateak trenbide pasagunea saihesteko errepide baten beharra aitortu arren, ez dator bat aurkeztutako proiektuarekin, herria isolatuta geratuko litzatekeelakoan. Foru Aldundiko ahaldun nagusiak, ordea, alegazioak aurkezteko unea dela adierazi du.
Arabako Errepideen Plan Integralean (2016-2027) jasota dagoen obra hau Foru Aldundiaren esku egongo da. Adifek, berriz, bi oinezkoentzako pasabide eraikiko ditu –bat gainetik eta bestea azpitik–, trenbidea modu seguruan zeharkatu ahal izateko. Bi erakundeek 2022an sinatutako hitzarmenaren arabera, kostuak erdibana finantzatuko dituzte.




