Zerbitzu hau doakoa eta pertsonalizatua da, eta herritarrei etxebizitzarekin lotutako zalantzak argitzeko erreferentziazko gunea izango da. Herritarren egoera eta beharrak aztertuko dira, eskura dituzten baliabideak azalduz eta jarraitu beharreko urratsen inguruko orientazioa emanez.
Bulegoak etxebizitza bat bilatzen ari direnentzat zein etxebizitzaren jabeentzat eta maizterrentzat eskainiko du zerbitzua. Informazioa eta aholkularitza emango da, besteak beste, honako gai hauen inguruan: etxebizitza eskuratzea (Etxebide, Alokabide, babes publikoko etxebizitzak), alokairua (publiko zein pribatua, Bizigune eta ASAP programak), gazteen emantzipazioa (Gaztelagun eta Emantzipa programak), etxebizitzak birgaitzeko eta irisgarritasuna hobetzeko dirulaguntzak, eta araudia zein izapideak.
Arreta jasotzeko, aldez aurretik hitzordua eskatu behar da telefonoaren bidez (943 344 160), posta elektronikoaren bidez (etxebizitza@oarsoaldea.eus) edo online galdetegiaren bidez. Hitzordua eskatzeko arreta-ordutegia astelehenetik ostiralera izango da, 09:00etatik 14:00etara.
Oarsoaldeko lau udalek etxebizitzaren krisiari aurre egiteko baliabideak eta laguntzak herritarrengana hurbildu nahi dituzte zerbitzu honekin, informazioa eskuratzea errazteko.




