Txakurren jabeen eta gainerako herritarren arteko elkarbizitzak sortzen dituen zailtasunei aurre egiteko, Orioko Udalak txakurrei zuzendutako hiru gune berri sortuko ditu udalerrian. Neurri honek, indarrean dagoen ordenantza betetzeko eskaerei eta txakurrak libre ibiltzeko gune egokien beharrari erantzun nahi die.
Aurrerantzean, Muntuko egungo gunea mantendu eta handitu egingo da. Horrez gain, Abaromendi eta Anibarko Portua kokatuko diren bi gune berri sortuko dira. Muntuko gunean dagoeneko egin dira handitzeko lanak, eta laster iturri bat ere jarriko da bertan. Gaur hasi dira Abaromendiko gune berriaren itxitura eraikitzen, eta lan horiek amaitutakoan, Anibarko Portuan kokatuko den hirugarren gunea egokitzeko lanak hasiko dira.
Azpiegiturak sortzeaz gain, udalak txakurren jabe diren herritarrei gogoraraziko die txakurren jabe izateak dakartzan betebeharrak eta erantzukizunak, eta indarrean dagoen ordenantza betetzen dela zainduko du. Helburua argia da: txakurrek behar dituzten espazioak bermatzea, herritar guztien eskubideak errespetatzea eta guztion artean elkarbizitza hobea eraikitzea.




