Zumaia k abuztuaren 7an ospatuko du aurten Euskal Jai eguna. Urtero legez, jarduera ugari antolatu dira, besteak beste, baserriko bizitzarekin eta euskal kulturarekin lotutako elikagai eta produktuen azoka bat Foruen plazan. Azokan postua jarri nahi dutenentzat, eskaera egiteko epea uztailaren 10era arte egongo da zabalik, eta eskaera egoitza elektronikoaren bitartez aurkeztu beharko da.
Eskaera orria udalaren webgunean deskargatu daiteke. Xehetasun gehiago egoitza elektronikoan, azokak@zumaia.eus helbidean edo 943.861056 telefono zenbakira deituta (luzapena 405) eskuratu daitezke. Eskabidea betetzeak ez du bermatzen azokan parte hartzea; jasotako eskabideen artean hautatuko dira lanpostuak eta posta elektronikoz jakinaraziko zaie hautatukoei.
Ohikoa den bezala, egitarauaren barruan herri bazkaria eta sagardo dastaketa egingo dira. Bi jarduera horietan ere taldeentzako lan-aukerak aurreikusi dira.
Herri bazkarian, talde bakar batek hartuko du ardura 400 lagunentzako zerbitzua prestatzeaz, bazkaria banatzeaz, sarrera-txartelak jasotzeaz, karpako sarrera kontrolatzeaz eta jarduera amaitutakoan jasotze- eta garbiketa-lanak egiteaz. Lan guztiak Udaleko Kultura Sailaren ordezkariekin eta bazkariko sukaldari taldearekin koordinatuko dira.
Sagardo dastaketan, berriz, lan taldeak postuak prestatu, edalontziak saldu, sagardoa banatu eta beharrezko muntaketa eta jasotze-lanak egingo ditu. Dastaketan 10 sagardotegitako sagardoa eskainiko da, eta aurrez edalontziak jarriko dira salgai.
Herri bazkarian eta sagardo dastaketan lan egiteko izena emateko epea uztailaren 10era arte egongo da zabalik, Alondegia Kultur Etxean, 943.861056 telefonoan edo kultura@zumaia.eus helbidean. Jasotako izen-emateen arabera, taldeei bilera batera deituko zaie azalpenak emateko eta zozketa egiteko.
Zumaiako herriaren edo bertako biztanleen onurarako, irabazi-asmorik gabe eta modu iraunkorrean kirol, kultura edo gizarte arloan jarduten duten elkarteek aurkeztu ahal izango dute eskaera. Baldintza gehigarri gisa, elkarteek Gizarte Segurantzarekiko eta Ogasunarekiko betebeharrak egunean izan beharko dituzte, eta jarduera euskaraz garatzeko gaitasuna izan. Sagardoaren banaketan arituko direnak adinez nagusiak izan beharko dira.




