Gipuzkoako Batel Ligan, Zarautz Arraun Elkarteko hamar batel aritu dira. Promesa eta infantil kategorietako arraunlariek ia estropada guztiak lehiatu dituzte, baina jubenil eta senior mailakoek ez dituzte guztiak jokatu, traineruan entrenatzen jarraitu baitute.
Emaitzarik aipagarriena kadete mutilek lortu dute, laugarren postuan amaituz, azken estropadara arte hirugarren izan baitziren. Gipuzkoako Txapelketan, infantil neskak seigarren izan ziren, promesa mutilak laugarren, jubenil neskak hirugarren eta senior emakumeak bigarren.
Joan den asteburuan Sestaon ospatu zen Euskadiko Txapelketan, hiru talde sailkatu ziren finaletara. Promesa mutilak B finalean aritu ziren, eta bertan lehiakide nagusiekin, San Pedro eta Hibaika taldeekin, estu borrokatu ondoren hirugarren postua eskuratu zuten.
Final nagusian, jubenil eta absolutu neskak dominen lehian aritu ziren. Estropada oso estuak izan ziren guztientzat. Jubenilek brontzea lortzeko aukera galdu zuten segundo bat baino gutxiagogatik, eta absolutuak, San Juandarrak estutu zituzten arren, zilarrezko domina baliotsua eskuratu zuten.
Larunbat honetan trainerila liga hasiko da Oria ibaian, eta Zarautz-Gesalaga-Okelan taldeak parte hartuko du kadete mutilen bi ontzirekin, kadete nesken batekin eta senior gizonezkoen hirurekin. Trainerilek igandean ere izango dute hitzordua, Zumaian San Telmo saria jokatuko baita, jubenil neskak eta senior gizonak arituko direlarik.
Bestalde, asteazken honetan ZAEren urteroko ohiko batzarra egingo da ZAEk kiroldegian duen arraun fosoan. 18:30ean hasiko da, eta aurreko urteko balorazioak eta aurtengo aurreikuspenak azalduko dira.




