Ander Gortazar EHUko Hirigintza irakasleak, Ibon Rosales Lasarte-Oriako udal arkitektoak eta Diego Gomez geografoak parte hartu zuten saioan, Andoni Elduaien Gukako kazetariak gidatuta. Hitzaldia Iraurgi Berritzenek eta Laienek martxan jarritako “Urola Erdia ispiluaren aurrean” kanpainaren barruan antolatu zen, jasangarritasuna sustatzeko eta klima-aldaketaz hausnartzeko helburuarekin.
Gomezek, Azkoitiko eta Urola Erdiko mugikortasun jasangarrirako diagnostikoetan adituak, datu esanguratsuak aurkeztu zituen. Azken hamarkadan, eskualdeko biztanleria %2,6 hazi den bitartean, ibilgailuen kopurua %11,4 igo da. Azkoitian, desoreka are handiagoa da: 2014tik 2023ra, ibilgailuen %12,3ko igoera izan zen, biztanleria %1,5 baino ez zen hazi bitartean.
Geografoak azaldu zuenez, eskualdeko joan-etorrien %62 udalerrien barruan egiten dira, eta %59 lanagatik edo ikasketengatik. Kezkagarriena da herritarren erdiek bost minutu edo gutxiagoko joan-etorriak ibilgailu pribatuan egiten dituztela. Horregatik, Gomezek 15 minutu azpiko desplazamenduetan “modu aktiboak sustatzea” eta autoaren erabilera murriztea funtsezko erronkatzat jo zuen.
“"15 minutu azpiko desplazamenduetan modu aktiboak sustatzea eta autoaren erabilpena murriztea erronka da."
Hitzaldian, mugikortasunaz eta espazio publikoaren negoziazioaz ere hausnartu zen. Gortazarrek nazioarteko adibideak aipatu zituen, eta azpimarratu zuen autoentzako aparkaleku bat kentzeak hamabi pertsonentzako espazioa sortzen duela. Adituek ibilgailuen eta oinezkoen arteko elkarbizitza orekatzeko “ausardia politikoa” eta irisgarritasun unibertsalaren legea betetzeko beharra nabarmendu zuten.
Saio hau mugikortasunari, energiari eta lurralde-antolamenduari buruzko hitzaldi ziklo baten lehen atala izan zen. Bigarren hitzaldia apirilaren 21ean Zestoan izango da, “Energia subiranotasuna lor daiteke?” gaia jorratuz, eta zikloa apirilaren 28an Azpeitian amaituko da, “Zer energia eredu nahi du Azpeitiak?” galderarekin. Hitzaldi hauek herriz herri egingo diren lan saio parte-hartzaileen abiapuntu izango dira, herritarrek eskualdeko egoera aztertu eta proposamenak egiteko.




