Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) 'Denontzako Industriaguneak' egitasmoaren hurrengo fasera igaro da. Hilabeteotan egindako azterketa teknikoaren eta parte-hartze prozesuaren ondorioz, Getaria, Aia eta Zumaiako industriaguneen egungo egoeraren diagnostikoa osatu da.
Prozesuan zehar, industrialdeetan kokatutako enpresen, langileen, hornitzaileen eta gainerako erabiltzaileen iritziak jaso dira. Helburua da identifikatutako beharrei eta hobekuntza-aukerei buruzko ikuspegi zabala lortzea. Diagnostikoa egiteko, sei ardatz estrategiko aztertu dira: segurtasuna, trafikoa, irisgarritasuna, garraio publikoa, irudikapen sinbolikoa eta naturalizazioa.
Diagnostikoaren emaitzak partekatu eta kontrastatzeko, online saioak antolatu dira aztergai izan diren industriaguneetako enpresekin eta bertako langileekin. Aiako Olaskoegia-Ubegun industriagunean eta Zumaiako industriaguneetan (Estazioko poligonoa, Joxe Mari Korta poligonoa eta 'Xey' poligonoa) aste honetan bisitak egin ondoren, Getariako industriaguneek (Igarategi-San Prudentzio eta Txori-Tonpe) uztailaren 1ean, goizeko 9:30ean izango dute beren txanda.
Saio hauetan egindako lanketaren ondorio nagusiak aurkeztuko dira, eta aldi berean enpresen eta langileen balorazioak eta proposamenak jasoko dira. Ekarpen horiek oinarri izango dira egitasmoaren hurrengo fasean landuko den ekintza-plana definitzeko.
Datorren astean Getarian egingo den saioan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da Urola Kostako Udal Elkartean. Informazio gehiago jasotzeko enpresa@urolakosta.eus posta elektronikora idatzi edo 943 890 808 telefono zenbakira deitu daiteke.
'Denontzako Industriaguneak' egitasmoaren helburua da Urola Kostako industriaguneak seguruagoak, irisgarriagoak eta erakargarriagoak izatea. Horretarako, diagnostikoaren ondorioak eta parte-hartzaileen azken ekarpenak baliatuko dira etorkizuneko jarduketen lehentasunak zehazteko.




