Hiru ikastetxek Eskola Jasangarria ziurtagiria lortu dute

Iraurgi HLBHIP, Larramendi Ikastola eta Nuestra Señora de las Mercedes HLBHIP jasangarritasuna hezkuntzan txertatzeagatik saritu dituzte.

Irudi generikoa: Eskola jasangarri baten fatxada modernoa, eguzki-panelak eta elementu berdeak dituena.
IA

Irudi generikoa: Eskola jasangarri baten fatxada modernoa, eguzki-panelak eta elementu berdeak dituena.

Iraurgi HLBHIP (Azpeitia), Larramendi Ikastola (Mungia) eta Nuestra Señora de las Mercedes HLBHIP (Gasteiz) ikastetxeek Eskola Jasangarria ziurtagiria eskuratu dute.

Eusko Jaurlaritzak jasangarritasuna hezkuntza-proiektuetan eta eguneroko jardunean modu transbertsalean txertatzen duten zentroak aitortzen ditu ziurtagiri honekin. Ikastetxeek 2030 Eskola Agendaren garapenean egindako lana eta ekimenak egiaztatu behar izan dituzte, ebidentzia zehatzak aurkeztuz.
Ebaluazioak hainbat alderdi hartzen ditu kontuan, hala nola jasangarritasuna curriculumean integratzea, zentroaren ingurumen-kudeaketa, ikasleen parte-hartze aktiboa eta irakasleen, familien eta hezkuntza-komunitateko gainerako kideen inplikazioa.

"Jasangarritasunean hezteak balioetan, erantzukidetasunean eta ingurunea eraldatzeko ahalmenean hezteak esan gura dau, ezagutzatik, partaidetzatik eta konpromisotik abiatuta."

Begoña Pedrosa · Hezkuntza sailburua
Ziurtagiriak banatzeko ekitaldian, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak nabarmendu zuen hezkuntza jasangarriaren garrantzia. Euskal Autonomia Erkidegoan dagoeneko 137 hezkuntza zentrok daukate Eskola Jasangarria ziurtagiria.