Telmo Deun Arraun Elkarteak gaur eguerdian aurkeztu ditu Zumaia ordezkatuko duten 2026ko denboraldiko traineruak, Saregile plazan egindako ekitaldi batean. Emakumezkoen trainerua Euskotren Ligan lehiatuko da, eta gizonezkoena, berriz, KAE-1 Ligan.
Emakumezkoen taldearen kasuan, Kike Manterola entrenatzaileak bere 14. denboraldiari ekingo dio talde gazte baten buru. Manterolaren arabera, aldaketa gehiago izan dira espero baino, eta taldearen helburu nagusia mailari eustea eta denboraldia ahalik eta modurik onenean amaitzea izango da.
Gizonezkoen trainerua Mikel Portularrumek zuzenduko du. Arraunlari ohiarentzat hirugarren esperientzia izango da entrenatzaile gisa, aurretik Lapurdiko eta Santurtziko traineruak zuzendu ostean. Bere esanetan, taldearen helburua ohorezko txandan egotea da, hau da, lau traineru onenen artean amaitzea.
Aurkezpenean klubeko harrobiko hainbat arraunlari gaztek ere parte hartu zuten. Beteranoen traineru mistoko ordezkariek ezin izan zuten bertan egon, asteburu honetan Espainiako Traineru Txapelketa jokatzen ari baitira Galiziako Meira badian, Moañan.
KAE-1 Liga datorren asteburuan hasiko da, ekainaren 20an eta 21ean, Astilleron (Kantabria) eta Pasaian jokatuko diren estropadekin. Emakumezkoen liga, berriz, aste bat geroago hasiko da, ekainaren 28an, Canal de Isabel II–175. Urteurrena Banderarekin.




