Ostikada elektrotxarangak azken orduko arazoak zirela eta bertan behera utzi zuen Azpeitian egitekoa zen saioa. Hala ere, Skapaiek ez zuen hutsik egin eta Perez Arregi plazatxotik abiatuta, Azpeitiko taldeak ordu eta erdiz girotu zuen Alde Zaharra, dozenaka herritar kantuan eta dantzan zituela.
Atzoko emanaldi honekin, osatuta gelditu da Euskal Herriko bosgarren Elektrotxaranga Lehiaketaren egitaraua. Maiatzeko lau larunbatetan zehar sei talde ibili dira Alde Zaharrean gora eta behera: 3indarrok (maiatzaren 9an), Joseto ta Alayak eta Elektrotxufla (maiatzaren 16an), Sakatu! eta Patxangoi (maiatzaren 23an), eta atzo, Skapaie.
Aurten, aurreneko aldiz, hiru sari banatuko dira. Lehiaketaren irabazleak 5.000 euro jasoko ditu, bigarren sailkatuak 2.000 euro, eta hirugarrenak 1.000 euro. Horrez gainera, irabazleak Saninazioetan jotzeko aukera izango du. Epaimahaikideek musikaltasuna, sonoritatea, publikoarekiko interakzioa, errepertorioaren aniztasuna, euskararen erabilera eta parekidetasuna hartuko dituzte kontuan.




