Javier Beristainek eta Mari Karmen Elorzak zuzendutako lan honek, jada Baztartxo antzokian bi emanaldi izan ondoren, aukera berri bat eskainiko du ikus-entzunezkoa ikusteko. Bihar, apirilak 22, gaueko 21:00etan izango da ikusgai, bai Guka telebistan, bai Azkoitia Guka eta Guka webguneetan.
San Martin auzoa XX. mendearen hasieran sortu zen, langileen etxebizitza beharrei erantzuteko. Azkoitiko alkate zen Rikardo Otañok bultzatuta, auzolana izan zen eraikuntzaren oinarria, dirurik ez zutenek lanaren bidez ordainduz beren etxeak. Dokumentalak auzoaren sorrera eta garapena azaltzen duen hari historikoa eta bertan bizi izandakoen eguneroko bizitza eta harremanak kontatzen dituen hari pertsonala uztartzen ditu.
Proiektua osatzeko, Monica Torres bideogileak grabatu ditu irudiak, Joseba Beristain musikariak musika jarri dio, Silvia Etxanizek bertsoak sortu ditu, eta Naia eta Nora Arrizabalaga bertsolariek abestu dituzte. Horrez gain, hainbat figurantek ere parte hartu dute dokumentalean, auzoaren iraganeko giroa birsortzen lagunduz.




