Azpeitia k San Inazio jaietako bigarren egunari zukua ateratzen jarraitzen du, eguerdiko bakailao txapelketaren ostean arratsaldean ekintza anitz eskainiz. Eguerdi partean bakailaoaren bueltan saltsan ibili ostean, arratsaldean apar festa izan da Balentina Agirre plazan, haurren gozagarri. Ondoren, Arno ganadutegiko zezen txikiak izan dira ikusgai Done Jakue kalean, eta baita Kuadrilla Arteko III. Olinpiadak ere Txosnagunean, umorez beteriko jolasak eginez.
Arratsaldean zezenketa ere izan da zezen plazan, Ana Romero ganadutegiko zezenekin. Morenito de Aranda, Jesus Enrique Colombo eta Ismael Martin izan dira zezenak toreatzen. Horietako bat, Colombo, 2024ko toreatzaile onenaren saria jaso du gaur. Gainera, Fanfarre Betijai herriko kaleak alaitzen aritu da.
Kirol hitzorduei dagokienez, Eraman! Jai Alai elkarteak antolatuta, zesta punta jaialdia jokatu da Izarraitz pilotalekuan. Emakumezkoen partidan, Gogenola-Lejardi eta Mugartegi-Watkins aritu dira, eta gizonezkoenean, Erkiaga-Atain eta Goixerri-Lekerika.
Gaueko egitarauak musika eskainiko du: Etxera jantokia (20:00, Azoka Plazan), Iratzar taldearen erromeria (21:30, Olazko Amaren plazan), Tapia eta Leturia (22:00, Txosnagunean), Harrobi Dantza Betikalaren eskutik Geure(r)a ikuskizuna (22:30, herriko plazan), Los Zopilotes Txirriaos taldearen kontzertua (23:30, herriko plazan), eta Hazas (01:00) eta Kaparrak (02:30) taldeen emanaldiak Txosnagunean.
Bihar goizean, Incansables txaranga k (06:00) eta Marques de Saka ganadutegiko bigantxak (07:00, 16 urtetik gorakoentzat) girotuko dute eguna Done Jakue kalean.




