Maiatzeko lau zapatutan zehar luzatu zen lehiaketa, eta Sakatu! taldeak bereziki nabarmendu zen maiatzaren 23an egindako emanaldian. Talde irabazleak 5.000 euroko saria eta datorren saninazioetan berriro Azpeitian jotzeko aukera eskuratu ditu.
Aurten, lehen aldiz, antolatzaileek bigarren eta hirugarren sariak ere banatu dituzte. Elektrotxuflak, bi aldiz txapeldun izandakoak, 2.000 euroko bigarren saria jaso du; eta iazko irabazle 3indarrok-ek, 1.000 euroko hirugarren saria.
Antolatzaileek azpimarratu dute aurten parte hartu duten taldeen maila "aparta" izan dela. Epaimahaiak hainbat irizpide hartu ditu kontuan erabakiak hartzeko, hala nola "musikaltasuna, sonoritatea, interakzioa, martxan jotako musika, abestien aniztasuna, euskara eta parekidetasuna".




