Orioko arrantza-ontzi bateko kapitaina atxilotu dute antxoa legez kanpo arrantzatzeagatik

Beti Aingeru ontziko kapitaina Angelun atxilotu zuten apirilaren 9an, 6,4 tona antxoa zeramatzala.

Arrantza-ontzi baten irudi generikoa, sareak eta arrantza-tresnak agerian.
IA

Arrantza-ontzi baten irudi generikoa, sareak eta arrantza-tresnak agerian.

Orioko Beti Aingeru arrantza-ontziko kapitaina atxilotu zuten Angelun, Lapurdin, apirilaren 9an, legez kanpo antxoa arrantzatzeagatik, eta 6,4 tona antxoa zeramatzan ontzian.

Baionako fiskal Mariel Garrigosek jakinarazi duenez, kapitaina atxilotu zutenean, ontziak 6,4 tona antxoa zeramatzan. Ontzia Baionako portuan egon zen atzo arte, eta 10.000 euroko fidantza ordaindu ostean askatu zuten.
Epaiketa urrian izango da, eta kapitainak urtebeteko espetxe-zigorra eta 75.000 euroko isuna jaso ditzake. Guka komunikabideak Orioko Kofradiako kideekin harremanetan jarri zen adierazpenak eskatzeko, baina haiek azaldu dutenez, tirabira batzuen ondorioz, Beti Aingeru ontzia gaur egun Pasaiako Kofradiako kide da, nahiz eta ontzian Orio herria agertu.

Guk ere prentsa bitartez dakigu dakiguna, ezer gehiago ez.

Ez da lehen aldia Beti Aingeru ontzia albiste izaten. Iazko irailean, ontzi bereko patroiak eta armadoreak Guardia Zibilari laguntza eskatu zioten Asturiasko uretan zeudela, ontziko hamasei tripulatzaileetatik hamabik mehatxuak egin zizkietela argudiatuta.
Handik egun batzuetara, ordea, ontziko arrantzaleek agerraldia egin zuten, eta bertan defendatu zuten ekintza hori "eskubideak aldarrikatzeko ekintza legitimoa" izan zela, "lan baldintza prekario eta diskriminazioaren aurkakoa".