Gaur goizean eta eguerdian Getarian ospatu den Gipuzkoako Traineru Txapelketan lehia biziak izan dira. Gizonezkoetan, Orioko traineruak bandera etxera eraman du, estropada osoan zehar nagusitasuna erakutsiz eta iazko denboraldiko forma mantenduz. Azken unean borrokatu behar izan dute garaipenagatik, baina azkenean Donostiako Kaiarribaren aurretik sailkatu dira, alde txikiarekin.
Getariako gizonezkoen taldeak lan ona egin du, eta hirugarren postuan sailkatuta, Euskadiko Txapelketarako txartela eskuratu du. Txartel hau Hondarribiak ere lortu du gizonezkoetan. Zarauztarrak bosgarren izan dira, eta Zumaiakoak zazpigarren.
“"Gure mutilak ere gustura daude egindako lanarekin, ez dago gehiago eskatzerik, podiuma eginda. Datorren astean Euskadiko Txapelketan parte hartuko dugu, eta espero dugu berriro ere itxura emateko moduan izatea."
Emakumezkoen txapelketan, Donostiako Arraun Lagunak izan da nagusi, iazko joerari eutsiz. San Juan eta Tolosaldea sailkatu dira ondoren, podiuma osatuz. Eskualdeko beste taldeek, hala nola Zarautz, Orio eta Zumaia, ez dute lortu lau onenen artean sartzea eta, beraz, ez dira sailkatu Euskadiko Txapelketarako.
Getariako Arraun Elkarteak 50. urteurrena ospatzen du aurten, eta horren harira antolatu dira Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak herrian. Abuztuan ere traineru ligako estropadak hartuko ditu Getariak.




