San Pedro festek musikaz beteko dituzte Orioko kale eta plazak datozen ekainaren 27tik 30era bitartean. Egitarauak askotariko gustu eta adinetako herritarrentzako proposamenak biltzen ditu, hala nola erromeriak, kontzertuak, DJ saioak, txaranga eta herriko musika-taldeen emanaldiak.
Larunbatean, Arrantzale eta Txupinazo Egunean, goizean kalejirak izango dira eta arratsaldean Bide Batez erromeriak girotuko du giroa Herriko Plazan eta Hendaia plazan. Tartean, Burrunba elektrotxarangak joko du Hendaia plazan.
Gaueko lehen kontzertuak Herriko Plazan izango dira, Silitia taldeak, DJ Aitana Grandesek eta DJ Irune Muguruzak joz. Igandean, Harrotasunaren Egunean, Kantu Salda poteo musikatuak eta bertso-saio elektroniko bat izango dira, besteak beste.
Igande gauean, oholtzara igoko dira Malko taldea, Tatta, DJ Fifi ta Fefa, eta La Fulana, 23:00etatik 05:00etara bitartean.
Ekainaren 29an eta 30ean, San Pedro Egunean eta hurrengo egunean, herriko musika-taldeak izango dira protagonista. Salatxo abesbatzak kantatuko du meza nagusian, eta Danbolin Musika eta Dantza Eskolako trikitilariek eta bandak ere joko dute. Gaueko kontzertuak Muzak taldeak eta DJ Siwanabak emango dituzte.




