Nazioartean Ekainaren 20an ospatzen den Munduko Errefuxiatuen Eguna dela eta, Orion ekitaldi sorta antolatu dute bortxaz beren sorterria uztera behartu dituzten herritarrak gogoan izateko eta babesteko. Larunbateko ekitaldi nagusian festa eta aldarrikapena uztartu zituzten, baina aurretik, ostegun arratsaldean, errefuxiatuen testigantzak zuzenean aditzeko aukera izan zuten bertaratuek.
Salatxo aretoan antolatutako mahai inguruan, Orion bizi diren Saharako, Palestinako, Ukrainako eta Nikaraguako herritarrek hartu zuten hitza. Horien artean, Francisco Arteagak, Nikaraguako iraultzaren garaian soldadu izandakoak, bere esperientzia kontatu zuen. Daniel Ortegaren gobernuaren aurka egiteagatik jazarpena jasan zuela eta herritartasuna kendu ziotela azaldu zuen, azkenean Managuako Modelo espetxera eraman zutela. 2024ko ekainaren 23an askatu zuten beste 134 pertsonarekin batera, eta orain Orion bizi da, bere herrialdera itzultzeko desioarekin.
Maryna Melnytxenkok, berriz, Ukrainako egoeraren berri eman zuen. Gerra hasi zen egunean etxetik alde egin behar izan zuen, eta Chernobil Elkarteak Oriora itzultzeko proposatu zionean, ez zuen zalantzarik izan. Duela lau urte iritsi zen familiarekin batera, eta haurrak hemen integratuta daudela eta gerra amaitu arte hemen haztea erabaki dutela adierazi zuen.
“"Inoiz ez dute garaituko zuzena den hori. Injustizia inoiz ez da izango gizateriaren bandera"
Salek Mohamed sahararrak bere herriaren askatasunaren aldeko borroka aldarrikatu zuen. 1984an errefuxiatu kanpamentuan jaioa eta aita gerran galdu zuena, kazetaritza ikasi zuen Aljerian Saharan gertatzen dena kontatzeko. Zortzi urte daramatza Orion, eta Marokok Saharari askatasuna kendu zionetik igaro den mende erdia gogorarazi zuen.
Thamer Birawik, 18 urte zituela Palestina utzi zuenak, bere haurtzaroko esperientzia latzak kontatu zituen, auto armatuak auzoan sartu eta etxeratze aginduak bizi izan zituela gogoratuz. Israelgo estatu sionistaren egiteko ankerrak eta palestinarren borroka azpimarratu zituen, eta Gazan gertatzen dena ez dela nobedadea gaineratu zuen, Palestinaren kolonizazio historia luzearen zati dela esanez. Etorkizunean errefuxiatu gehiago ez izateko, "memoria" aldarrikatu zuen.
Testigantza hauekin batera, Iñaki Iturainek Euskal Herriaren emigrazio historia luzea gogorarazi zuen. XIX. mendearen bukaeran eta 1936ko gerraren testuinguruan izandako emigrazio aldiak aipatu zituen, bereziki Argentinara joandako euskaldunak. "Euskaldun gehien Argentinak hartu zituen, han dago euskal diaspora antolatuena", azaldu zuen, eta horrek erakusten du jendeak bere herriaren kultura eta oroimena gordetzeko nahia. Horregatik, hona datozenekin ere berdina egitea aldarrikatu zuen, beren janzkera eta hizkuntza mantentzea ulertzekoa dela esanez.




