Orain, Ekainaren 20an, Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna ospatu du lehen aldiz, Guerara Oriok eta Orio-Palestina taldeek antolatuta. Herriko Plazan festa eta aldarrikapena uztartu dituzte eguerdian.
Zaporeak, Harrera Sareak eta Ukraina-Euskadi elkarteek mahai informatiboak jarri zituzten. Gukaren eskutik, haurrek marrazkiak eta txapak egiteko aukera izan zuten, eta tea hartzeko aukera ere egon zen zabaldutako haiman. Orioko Txarangak, Salatxo eta Eresmin abesbatzek, eta Orioko Trikiti Taldeak kaleak alaitu zituzten bazkalaurrean.
Eguerdiko hamabietan, Orion bizi den saharar errefuxiatu batek bere testigantza eman zuen. Honek adierazi zuen elkartzeko eguna iristea nahi duela, ez Errefuxiatuen Eguna ospatzeko, "baizik eta errefuxiaturik ez dagoen mundu batean bizi garela ospatzeko". Mundu horretan "gizaki bakoitza bere lurraldean segurtasunez eta duintasunez bizi ahal izango" dela azpimarratu zuen.
Antolatzaileek gogoan izan zituzten "haurtzaroa gerrak markatu dion haur bakoitza, egoera zailetan familia babesteko borrokatzen den ama bakoitza, etxea edo bizilekua galdu duen aita bakoitza eta erronka handiak izan arren etorkizun hobea eraikitzen saiatzen den gazte bakoitza".
Benetako ospakizuna "askatasuna, justizia eta bakea eskubide errealak eta guztiontzat eskuragarriak izango diren eguna" izango dela adierazi zuen.
Antolatzaileak gustura agertu ziren ekimenak eragileen artean izan zuen harrerarekin, baita astean zehar egindako hitzaldiek eskainitako testigantzekin ere.




