Orio Arraunketa Elkarteko arraunlari gazteek asteburu oparoa bizi izan dute, aulki mugikorreko modalitatean emaitza bikainak lortuz. Larunbatetik igandera bitartean, Frantziako Libourneko Nazioarteko Estropadetan parte hartu zuten, eta ondoren Legution, Euskadiko Aulki Mugikorreko Txapelketetan.
Libourneko lehiaketan, Orioko 16 ontzik hartu zuten parte larunbatean, eta 14k igandean, guztira 30 ontzi lehiatuz maila eta modalitate guztietan. Emaitzen artean, 20 ontzik A finaletan sartzea lortu zuten, eta horietatik 12 podiumera igo ziren. Lau ontzik urrezko domina eskuratu zuten: emakumezko jubenilek binako laukoan eta skull bikoan; gizonezko infantilek lemazaindun binako laukoan; eta gizonezko kadeteek binako laukoan. Horrez gain, bost ontzik zilarra lortu zuten eta hiruk brontzea.
Atzo, Legution (Araba) ospatu ziren Euskadiko Aulki Mugikorreko Txapelketetan, Oriok hiru ontzi aurkeztu zituen maila absolutuan. Jardunaldia bi garaipenekin amaitu zuten, binako laukoak eta zortzikoak urrezko dominak eskuratuz. Bakarkako skiffak, aldiz, laugarren postuan amaitu zuen.




