Larunbat eguerdian hasiko dira kanporaketak Castron. Gizonetan, Castreña, Zierbena, Chapela, Ares eta Mecos taldeek hartuko dute parte Oriorekin batera. Emakumezkoetan, berriz, Astillero, Pasai Donibane, Tiran, Chapela eta Amegrove izango dira aurkariak.
Finalak igandean ospatuko dira, lehenbizi B finalak eta ondoren A finalak jokatuko direlarik. OAEko emakume seniorrek lehen aldiz parte hartuko dute txapelketa honetan, klubak berak jakinarazi duenez.
Trainerillena ez da asteburuko hitzordu bakarra OAErentzat. Gizonezko seniorrek Mutrikuko XXV. Traineru Estropada jokatuko dute bihar, ostirala, Gipuzkoako herri horretan, 10:30ean hasita. Orio hirugarren txandan lehiatuko da Zierbena, Donostiarra eta Hondarribiarekin batera.




