NIRE-Orio plataforma digitala martxan da jada Orion. Arkupe Orioko Merkatari eta Ostalarien Elkarteak sustatutako egitasmo hau, Dendartean Gipuzkoako Merkatari Elkarteen Bilkuraren bidez garatua, tokiko merkataritza indartzea, herriko establezimenduak ikusgarri egitea eta herritarren eta merkatarien arteko harremana sustatzea helburu duena, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren dirulaguntzarekin eta Orioko Udalaren laguntzarekin osatu da.
Plataforma gaur goizean aurkeztu da Orion, eta bertan izan dira Izaskun Gomez, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendaria; Anuska Esnal, Orioko alkatea, eta Lourdes Salsamendi Orioko Udaleko zinegotzia; Xabier Aldalur, Dendartean-eko teknikaria; eta Arkupe elkarteko Leire Echeverria presidentea, eta Karmele Garmendia eta Ainhoa Gabirondo kideak.
NIRE-Orio herriko denda, zerbitzu-enpresa eta ostalaritza-establezimenduen erakusleiho digitala izango da. Bertan, erabiltzaileek establezimenduei, produktuei, zerbitzuei, nobedadeei eta eskaintzei buruzko informazioa modu erraz eta bateratuan eskuratu ahal izango dute. Tresna sakelako telefonotik erabiltzeko modukoa da, eta herriko enpresen sare sozial modukoa izan nahi du.
Establezimenduek beren informazioa eguneratzeko, edukiak eta promozioak argitaratzeko eta bezeroekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera izango dute. Herritarrek, berriz, Orioko eskaintza ezagutzeko, produktuak edo zerbitzuak kontsultatzeko eta, kasu batzuetan, enkarguak edo erosketak egiteko aukera izango dute.
Izaskun Gomezek, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendariak, azpimarratu duenez, NIRE-Orio ez da teknologia proiektu hutsa: «Pertsonak ditu ardatz. Aukera bat da tokiko saltokiek, elkarteek, ekoizleek eta enpresek beren presentzia digitala modu autonomoan kudeatu ahal izateko, ikusgarritasuna handitzeko eta bezeroekin, bazkideekin eta komunitateekin harremana sendotzeko».
Anuska Esnal Orioko alkateak merkataritza txikiak herriaren eguneroko bizitzan duen garrantzia nabarmendu du, eta ekonomia zirkularraren eta tokiko kontsumoaren aldeko hautua aldarrikatu du: «Establezimendu txikiak ezinbestekoak dira herriaren ongizaterako, dendarik gabe, ez baitago herri bizirik». Udalaren ikuspegitik, NIRE-Orio bezalako tresnek herriko merkataritza egungo kontsumo-moduetara egokitzen lagun dezakete.
Xabier Aldalur, Dendartean-eko teknikariak, plataformaren xehetasun teknikoak azaldu ditu, eta nabarmendu du tresna praktikoa eta erabilerraza izateko sortu dela: «Plataformak aukera emango die establezimenduei beren eskaintza modu autonomoan kudeatzeko eta bezeroekin komunikazio zuzenagoa lantzeko».
Leire Echeverria, Arkupeko ordezkariak, elkarte-sareak herriko merkataritza sustatzeko egiten duen lana azpimarratu du, izan ere, «denda txikientzat zaila da Interneten eta merkataritza-gune handien logikari aurre egitea; elkarlanak, ordea, aukera berriak zabaltzen ditu».
NIRE-Orio plataforma erabilgarri dago herritarrentzat, eta datozen aste eta hilabeteetan edukiz elikatzen eta zabaltzen joango da, herriko establezimenduen eta eragileen parte-hartzearen bidez. Helburua da tresna bizia izatea, eta eguneroko kontsumoari, herriko eskaintzari eta tokiko jarduerari lotutako informazioa biltzea.
Orioko Udalak, Arkupe elkartearekin eta gainerako eragileekin elkarlanean, plataforma erabiltzeko dei egiten die herritarrei, tokiko establezimenduetan kontsumituta, Orioko ekonomia indartzen eta komunitatea eraikitzen lagunduko dutelako.




