Arantzazuko Amaren Egunean milaka herritar eta agintari elkartu dira

Oñatitik igotako erromesek eta hainbat udalerritatako ordezkariek bete dute santutegia gaurko ospakizunean.

Irudi generikoa Arantzazuko santutegiarena, jendea inguruan.
IA

Irudi generikoa Arantzazuko santutegiarena, jendea inguruan.

Milaka herritarrek eta hainbat agintarik bete dute gaur Arantzazuko santutegia, Amaren Eguna ospatzeko ekitaldian.

Arantzazuko Amaren Eguna ospatzeko milaka herritar elkartu dira gaur goizean, batzuk oinez Oñatitik igota, beste batzuk autobusez eta asko autoz. Bertakoak ez ezik, Bidania, Aia, Agurain eta Arrasate bezalako herrietako bizilagunak ere izan dira bertan.
Erakunde ezberdinetako ordezkariak ere izan dira bertan, hala nola, Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko presidentea; Xabier Ezeizabarrena, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea; Maria Ubarretxena, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea; Eider Mendoza, Gipuzkoako Ahaldun Nagusia; eta Izaro Elorza, Oñatiko alkatea. Horiez gain, hainbat diputatu, legebiltzarkide eta Oñatiko udalbatza osatzen duten zinegotziak ere bertaratu dira. Ospakizunaren garrantzia nabarmendu dute Elorzak, Ubarretxenak eta Mendozak.
Fernando Prado Gipuzkoako gotzainak eman du eguerdian hasi den mezaren predikua, hainbat frantziskotarren laguntzarekin. Meza Oñati abesbatzako kideek girotu dute, eta Arantzazuko santutegiko basilika bete egin da, azken eserlekuak ere okupatuta.
Bestalde, Itasuako langileek egun seinalatu hau baliatu dute euren egoeraren berri emateko. Pankarta batekin protesta egin dute Arantzazun, eta langileen ordezkari batek gutuna eman dio Maria Ubarretxenari, bizi duten egoera azalduz eta konponbidea bilatzeko laguntza eskatuz.