Gipuzkoako adinekoen egoitzetako lan gatazkak ez du soluzio errezik. Sektoreko lan hitzarmen berria izateko negoziazioak etenda daude, eta egoitza bakoitzerako hitzarmen propioa lortzeko borrokak, orain arte, ez du emaitzarik izan.
Egoitza batzuek greba mugagabeari ekin zioten, eta lurralde mailan San Juan Egoitza da horietako bat. Ordutik, hainbat protesta ekintza egin dituzte, bai herri mailan, baita beste hiri eta herri batzuetan ere.
Aste honetan, ekainaren 10, 11 eta 12an, sektoreko grebak deituta daude. Horiei greba mugagabean dauden egoitzetako beharginek egingo dituzten mobilizazioak gehitu behar zaizkie.
ELA sindikatuak deituta, martxa ibiltariak egingo dituzte Gipuzkoan barrena "gatazka sozializatu eta Foru Aldundiari behingoz langileen prekaritatea eta genero arrakala ezabatuko dituen neurriak ahalbideratu ditzala eskatzeko".
Gaur Legazpin eta Beasainen egin dituzte martxak, eta bihar Zumaia eta Zarautz arteko martxa egingo dute. Taldea goizeko 09:30ean abiatuko da Beheko plazatik, eta kostako errepidean barrena Zarauzko Malekoira helduko dira. Bihar Errenterian ere egingo dute martxa.




