Plakak jartzeko ohitura Europan zabaldu zen XIX. mendean, hiriak pertsona ospetsuen etxeak, gertaera historikoak edo toki esanguratsuak ofizialki markatzen hastearekin batera. Lehen plaketako bat 1866an jarri zuten Londresen, Royal Society of Arts erakundeak sustatuta. Hasiera batean harrizkoak baziren ere, azken hamarkadetan burdinazkoak ere jarri dira.
Azkoitian, Ikurrinaren plaza izen berezia du gune batek, 1997. urtetik. Bertan altxatu zen lehen aldiz ikurrina 1907an, herriko plazaren alboan zegoen Martzalkua lokalean, Azkoitiko Eusko Batzokiya izena hartu zuenak. Gaur egun eraikin hura ez dago, baina plazak gorde du oroitzapena.
Idazle eta Jesusen Lagundiko kide izan zen Jose Ignazio Arana (Azkoitia, 1838-Oña, 1896) omendu dute ere. Haren jaiotetxean, gaur egun Klara Donea kalearen 35. zenbakian dagoen eraikinean, plaka bat dago haren jaiotzaren mendeurrenean jarria, Azkoitiko Udalak eta Euskaltzaindiak eskainia. Aranak hainbat argitalpen egin zituen Euskal-Erria eta Euskera aldizkarietan, eta itzulpen lanak ere kaleratu zituen.
Azkoitiar eskultore zen Joxe Alberdi Burruntxali (Azkoitia, 1922-Denia, Herrialde Katalanak, 2008) oroitzeko plaka berriena Ibaiondo kalearen barrenean dago. Udalak eskaini zion 2022an, bere obra herriari utzi ondoren. Burruntxalik egurra lantzen zuen hastapenetan, eta gerra ondoren itzuli zen Euskal Herrira.
Santa Kutz komentuan, Gipuzkoako Batzar Bereziak egiteko lekua izan zenaren oroigarria dago. 1457. urtetik aurrera, batzar horiek bertan egiten ziren, eta komentuaren ezkerraldeko horman dagoen oroitarriak dio: "XVIII. eunkiaren asiera-arte emen bildu zan Gipuzkoako Batzar Berezia".
Valentin Olanori (Azkoitia, 1808-1851), Azkoitiko alkate eta diputatu izandakoari, hil eta ehun urtera jarri zioten plaka jaiotetxean, gaur egun Klara Donea kalean. Ideologia liberaldun gizona zen, eta foruak defendatu zituen.
Olanoren plakaren parean, Kale Nagusiko 53. zenbakian, Nemesio Etxanizen (Azkoitia, 1899-Donostia, 1982) plaka dago. Apaiza eta euskararen aldeko lanagatik nabarmendu zen idazlea, olerki, musika eta antzerki lan ugari idatzi zituen. Udalak eta Euskerazaintzak jarri zioten plaka 1987an.
Xabier Munibe Peñafloridako kondea (Azkoitia, 1729-Bergara, 1785), idazle eta musikagilea, Intsausti jauregiaren sarreran omendu dute. Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortzen lagundu zuen, eta elkarte horrek berak jarri zion plaka 1929an.
Ricardo Otaño (Azkoitia, 1884-1939) alkateak bultzatu zituen San Martinen langileentzako etxe merkeak eraikitzeko lanak. Egun Ardatz elkartea dena dagoenaren atarian du Otañok bere plaka. Gainera, Urolako trenaren geltokia eta beste hainbat lan ere bultzatu zituen alkate zela.
Udaletxeko pleno aretoaren sarreran, hiru oroitarri daude, pertsonaiekin loturarik ez dutenak, baina gertakari garrantzitsuak gogorarazten dituztenak: 1758an Gipuzkoako foruen eranskina argitaratzeko erabakia, Azkoitia Gipuzkoako Hiri Nagusi izendatu izana, eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartea udaletxean biltzen zela jasotzen duena.




