Atzo, ekainaren 27tik aurrera antolatutako ekitaldi sorta honen azken emanaldia eskaini zuten Itsasiko dantzariek eta musikariak. Emanaldia 19:00etan hasi zen, eta Ainara Vidalek gidatutako dantza saioa ikusteko aretoa bete egin zen.
Ikuskizunean, 14 urtetik gorako 50 bat dantzarik parte hartu zuten, dantza tradizionalen emanaldia eskainiz, koreografia berri batzuk ere tartekatuz.
Aurtengo Azpeitia Dantzan ekitaldia ekainaren 27an hasi zen, Luix Beltzaren dantza suelto eskolako eta Juan Antxieta musika eskolako ikasleen emanaldiarekin. Ondoren, uztailaren 5ean, Jose Mari Orbegozoren Dantzaki eskolakoen areto dantzen emanaldia izan zen Soreasu antzokian. Hilaren 12an, berriz, Sahatsa dantza taldekoek ikuskizun berezia eskaini zuten, mende erdiaren ospakizunen barruan, Azpeitiko Alde Zaharra zeharkatuz.




