Ibarrako Langostino Moto Elkarteak mende laurdena ospatuko du uztailean

Hiru eguneko festa antolatu dute uztailaren 3tik 5era, motozaleen topaketa eta jarduera bereziekin.

Motorzaleen elkarte baten urteurren ospakizuna irudikatzen duen argazkia.
IA

Motorzaleen elkarte baten urteurren ospakizuna irudikatzen duen argazkia.

Ibarrako Langostino Moto Elkarteak 25 urteko ibilbidea ospatuko du uztailaren 3tik 5era bitartean antolatu duten hiru eguneko egitarau bereziarekin, motozaleen topaketa eta jarduera ludikoak uztartuz.

Ibarrako motozaleen elkarteak mende laurdena bete du. 2001 urteaz geroztik, hilabeteko azken igandeetan elkartzen dira ibilaldiak egiteko, eta orain, urteurren borobila ospatzeko, hiru eguneko festa prestatu dute uztailaren 3tik 5era.
Ospakizunak larunbatean izango du puntu gorena, Ibarratik abiatuko den moto birarekin. Ibilbideak Anoeta, Alkiza, Asteasu, Aia, Zarautz eta Orio zeharkatuko ditu, Orion hamaiketakoa egiteko geldialdia eginez. Egun horretan bertan, bazkaria, moto jokoak eta hawaiiar alkandora itsusien lehiaketa izango dira.

"Ez genuen uste 25 urtetara iritsiko ginenik, hori izan da beti gure helmuga, baina iritsi gara."

antolatzaileak
Aurtengo berrikuntza nagusia Langostino Txiki egitasmoa da, igandean egingo dena. Motozale gazteenek motozale txalekoa sortzeko tailerra, jostailuzko motorrekin bira, trial show-a eta minimoto zirkuitua izango dituzte eskura, belaunaldi berriak festan integratzeko asmoz.
Parte hartu nahi dutenek ekainaren 26a baino lehen eman beharko dute izena, 40 euroko pack-a eskuratuz, edo egunean bertan 43 euroren truke. Ibarrako Udalak Uzturpe ikastola utziko du gaua pasatu nahi dutenentzat.