Holz Und Blech elkarteak balorazio oso positiboa egin du aurtengo jaialdiaren hamargarren urteurrenaren ostean. Musika eta soinu gailu guztiak egokitu ondoren, antolatzaileak "oso gustura" agertu dira edizio honek izan duen erantzunarekin, batez ere Zuhaitz Urain Zizu musika elektroniko zalearen omenez urtero antolatzen den ekitaldiaren hamarkada bete denean.
Jaialdia ostegunean hasi zen Zizu omentzeko ekitaldi batekin, eta ordutik, Euskal Herriko zein nazioarteko 40 disko jartzaile baino gehiagok zuzeneko saioak eskaini dituzte herriko hamabost gune edo stage ezberdinetan. Eguraldi iragarpen txarrak eraginda, larunbatean Goiko Losako gunea bertan behera utzi behar izan zen, eta hango saioak Matadeiko aretora lekualdatu ziren. Hala ere, elkarteak adierazi duenez, publikoak "ondo" erantzun zuen aldaketa horien aurrean, eta Matadeiko aretoa bi egunetan bete egin zen.
“"Jaialdiak ospea hartu du, eta jendeak balioa eman dio. Horren adibide izan da aurtengoa."
Antolatzaileek nabarmendu dute jaialdiak, beste behin ere, zale ugari bildu dituela, eta hamargarren edizio honetan, kanpotik "asko" etorri direla. Artista beraiek ere "pozik eta esker oneko" agertu dira jaialdian bizi izan duten esperientziarekin, eta haien erantzuna ere "oso ona" izan dela gaineratu dute.
Azkenik, elkarteak agertokietako zein tabernetako guneek "ondo" funtzionatu dutela azpimarratu du, guztiek jaialdiaren arrakastan ekarpena egin baitute. Holz Und Blech elkarteak eskerrak eman dizkie jaialdia gauzatzen lagundu duten guztiei eta bertaratu diren zale guztiei.




