Duela bi aste Sevillan Espainiako Kopa irabazi zuen Realak, eta garaipen honek milaka zale poztu zituen, horien artean Azpeitiko herritar asko. Garaipen honek taldearen historia eta Azpeitiarekin duen lotura gogorarazi ditu.
Urteak dira Realaren lehen taldeak Garmendipe azkenekoz zapaldu zuenetik, baina iraganean ohikoa zen talde txuri-urdina bertan ikustea. Batez ere, John Toshack entrenatzaile zela, galestarrak asko estimatzen zuen Garmendipeko zelaia entrenamenduak egiteko edo denboraldiaurreko lagunarteko partidak jokatzeko.
Garai hartan eta geroago ere, Realaren harrobiko taldeak, Sanse kasu, sarri igaro dira Garmendipetik. 1978-1979 denboraldiko Sanse taldearen argazki batek garai hori islatzen du. Talde hartan, gerora Realaren lehen taldera igo eta garaipen handiak lortuko zituzten bi azpeitiar zeuden: Juan Antonio Larrañaga eta Tomas Orbegozo.
Argazki horretan, beheko lerroan makurtuta ageri dira bi jokalariak: Larrañaga erdian dago, eta Orbegozo eskuinetik hasita lehena. Irudi berean, Realaren gizonezkoen talde nagusiarekin partida gehien jokatu dituzten bi jokalariak ere agertzen dira: Bixio Gorriz (zutik, eskuinetik bigarrena), 599 partidarekin; eta Larrañaga bera, 589 partidarekin.
Azpeitia Guka herritarrak animatzen ari da etxean dituzten argazki zahar eta esanguratsuak partekatzera, komunitatearen historia bisualki aberasteko.




