Gurutze Gorriarekin elkarlanean garatutako programaren bidez, bainu egokituko zerbitzua eskainiko da Getariako Malkorbe hondartzan eta Hondarribiko hondartzan. Zerbitzu honek laguntza integrala eskaintzen die adin guztietako pertsonei, uretan sartzeko laguntza behar dutenei.
Zerbitzua Gurutze Gorriko profesional espezializatuek emango dute, laguntza tekniko egokituak erabiliz. Ekainaren 13tik irailaren 13ra bitartean egongo da zabalik, egunero, 11:00etatik 19:00etara.
Getariako eta Hondarribiko hondartzek azpiegitura irisgarriak dituzte, hala nola aldagela, komun eta dutxa egokituak, itzal-guneak, aulki anfibioak eta itsasorako sarbide segurua bermatzen duten bestelako laguntza teknikoak.
Programa bereziki Gipuzkoako gizarte-zerbitzuen sareko egoitzetako, laguntza duten etxebizitzetako eta eguneko zentroetako erabiltzaileei zuzenduta dago. Horientzat, garraio egokitua ere eskaintzen da. Hala ere, etxeetan bizi diren eta senideekin edo zaintzaileekin joaten diren pertsonek ere erabil dezakete zerbitzua.
Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak Hegalak Zabalik Fundazioarekin duen lankidetzari eusten dio uda honetan, Donostiako Kontxa hondartzan eskaintzen den DENUR oztoporik gabeko bainu-programa garatzeko.




