Aurtengo Euskal Jaia bi egunetan luzatu da Getarian, eta ostiralean hasi ziren ospakizunak. Arratsaldean, Gure Txeru taldeko ia 80 haur eta gaztetxo, HH 5. mailatik DBH 2. mailara bitartekoak, aritu ziren dantzan herriko frontoian. Gauean, helduen emanaldiaz gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek toki berean.
Larunbatean, festa goizean goiz hasi zen diana batekin. Herritar asko eta asko, haur, gazte zein heldu, baserritar jantziekin atera ziren kalera festa giroan murgiltzeko. Trikitilariak, pandero-joleak eta txistulariak herritarrak dantzan jarri nahian aritu ziren, eta Inpernupeko joaldunak kanpotarren argazki kamerak piztu zituzten.
Irrintziak eta Eingo taldearekin antolatutako dantzaldi jendetsuak bete zuen eguerdia herriko plazan.




