Getariako Udala k zerbitzu bat lizitatu du Balentziaga gunean 20 alokairuko zuzkidura-etxebizitza eta udalaren jabetzako aparkalekuak izango dituen eraikin berri bat garatzeko oinarrizko proiektua idazteko. Akordio honek Eusko Jaurlaritza rekin du jatorria, eta haren helburua da etxebizitzen proiektua azkartzea eta erraztea. Jaurlaritzak, 2027 tik aurrera, izapideak egingo ditu eta eraikina gauzatuko du.
Proiektuaren xede nagusia gaur egungo Euskaltxeta eraikina eraitsi eta haren ordez etxebizitza berriak eta aparkalekuak sortzea da. Aurreikuspenen arabera, etxebizitzen %60-70ek logela bakarra izango dute (12 eta 14 unitate artean) eta %30-40k bi logela (6 eta 8 artean). Eraikuntza-sistemek bizitza erabilgarri luzea eta mantentze-kostu txikiak lehenetsiko dituzte.
Eraikin berriak sestra azpiko bi solairutan udalaren jabetzako aparkaleku autonomoak izango ditu. Proiektuak ahalik eta plaza gehien proposatu beharko ditu, eta Herrerieta kaletik sartzeko aukerak aztertuko dira, besteak beste.
Eraikuntza jasangarriaren, diseinu bioklimatikoaren eta energia-eraginkortasunaren irizpideak ezarri dira. Horien artean, eraikinaren orientazioa, argiztapen eta aireztapen naturalaren aprobetxamendua, isolamendu termikoa, energia berriztagarrien erabilera eta errendimendu handiko instalazioak sartzen dira. Gainera, eraikinak A energia-kalifikazioa lortu beharko du.
Irisgarritasun unibertsala bermatuko da etxebizitza guztietan, eta proiektuak Balentziagaren ondoan aurreikusitako igogailu publikoarekin lotura ere kontuan hartuko du.
Oinarrizko proiektua idazteko zerbitzuaren lizitazioaren aurrekontua 40.000 euro koa da (BEZ barne). Kontratua bi hilabetekoa izango da. Lizitazioa prozedura ireki sinplifikatuaren bidez egingo da, eta memoria teknikoak 45 puntu, prezioak 45 eta lanen gainprestazioek 10 puntu izango dituzte esleipenean.




