Indusketak profesionalekin egingo badira ere, lehen egunean, uztailaren 11n, auzolan saioa antolatu dute. Herritarrek aztarnategia prestatzen lagundu ahal izango dute. Parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena Izaro Quevedo arkeologoari mezu bat idatzita (iquevedo@aranzadi.eus). Parte hartzea doakoa da.
Auzolanean aritu nahi dutenek 08:00etan elkartuko dira Abaraxka aterpetxearen atarian. Boluntarioek goizez lan egingo dute, eta ondoren, hamaiketakoa eta bisita gidatua izango dute. Mendiko botak eta lanerako arropa egokia eramatea gomendatu dute.
“"Aztarnategi bat ez da egun batetik bestera agortzen, eta Munoaundin oraindik galdera asko daude irekita."
Aurtengoa hogeita batgarren indusketa aldia izango da. Munoaundi duela 2.400 urte inguru zazpi hektarea inguruko azalera zuen herrixka gotortua izan zen, eta Bigarren Burdin Aroan zehar bizi izan zen. Urteotan, Aranzadiko kideek hainbat aurkikuntza egin dituzte, hala nola harresiaren egiturak, sarbidea, etxebizitza baten aztarnak, zeramika zatiak, errota zirkular baten zatia, burdinezko aizto bat, burdin xafla bat, pisu bat eta Gipuzkoan aurkitutako Burdin Aroko lehen brontzezko fibula.
Hala ere, oraindik ikertzeko asko dagoela adierazi du Quevedok. Bizilekuen inguruan gehiago jakin nahi dute, eta harresiaren bilaketa ere jarraituko dute. Gipuzkoan Burdin Aroko nekropolirik ez izateak zaildu egiten du bilaketa, baina pazientziarekin arrastoak aurkitzea espero dute.




