Topaketa hau euskaltzale independentisten elkargune eta indargune izateko helburuarekin antolatu da. Antolatzaileek adierazi dutenez, azken unean sortutako gorabeherak izan arren, dena prest dago bi egunetarako. Parte-hartzaileen erantzuna espero dute, eta zabalpenean ahalegin berezia egiten ari direla azpimarratu dute.
Larunbat arratsalderako doako tailerrak antolatu dira, eta izen-emateak gora egin du azken egunetan. Online izena eman ez dutenek bertan apuntatzeko aukera izango dute. Era berean, bazkarirako eta gaueko kontzertuetarako sarrerek ere harrera ona izan dute, eta antolatzaileak pozik agertu dira jasotako erantzunarekin.
“"2023tik hona antolatu egin dira euskararen kontrako indarrak, eta kanpaina zehatzak jartzen dituzte martxan euskaldunon kontra."
Topaketa honen helburua euskaltzale independentistak batzea, saretzea eta komunitatea indartzea da. Antolatzaileek adierazi dutenez, euskarak biziraun dezan estatu propio bat behar dela esplizitatu zen aurreko prozesu batean, eta horrek hizkuntza bati eman diezazkiokeen lege babesa eta gainerakoak. Horrela, independentziaren eta euskararen borrokak lotzeko beharra ikusten da.
Testuinguruak aldaketak izan dituen arren, helburuak berdinak direla azpimarratu dute. Espainiako eta Frantziako estatuek euskara eta euskaldunak zapaltzen jarraitzen dutela adierazi dute, eta zapalkuntza mekanismo horiek basatiago bilakatu direla. EAEko oldarraldi judiziala, politikoa, mediatikoa eta sindikala aipatu dituzte, baita mundu mailan indartzen ari den eskuin muturrerako joera ere, hizkuntza gutxituen aurkako oldarraldia indartzen duena.
Bestalde, azken hiru urteetan Euskalgintzaren Kontseiluak larrialdi linguistikoan gaudela aldarrikatu du, eta euskalgintzak diagnostiko bateratua egin du. Horrek herritarrek euskararen gainean kontzientzia handiagoa hartzea ekarri duela uste dute, eta euskararen gaia kalean zein agenda politikoan presenteago dagoela adierazi dute. Pizkunde berri bat behar dela eta euskaltzaleen mobilizazio masiboak behar direla azpimarratu dute.
Topaketa honen ekarpena euskaldunen aktibazioan datza. 1960ko hamarkadako euskararen pizkundea gizartearen mugimendu sakon eta indartsua izan zela gogorarazi dute, eta hori dela orain ere aldarrikatzen dena. EHEren zeregina euskararen borroka kalera ateratzea da, ekintza zuzenen eta desobedientzia ekintzen bitartez. Topaketaren ardatzak hausnartzea, formatzea eta ikastea izango dira, elkar ezagutzetik eta saretzetik abiatuta, ekintza zuzenak egiteko eta tokiko borrokak aktibatzeko analisi hori garrantzitsua dela uste baitute.




