Eguraldiaren iragarpenak ez zuen hutsik egin larunbat arratsaldean, eta euriak erabat baldintzatu zuen Azkoitiko Haur Danborrada. Hasiera batean kale buelta labur bat egiteko asmoa bazuten ere, azkenean plazatik Gurea pilotalekurako bidea baino ez zuten egin, eta festa nagusia pilotaleku barruan ospatu zen.
Antolatzaileek azken erabakia 17:00ak baino minutu batzuk lehenago hartu zuten. Azoka Plazan zain zeuden 200 haur inguru, plastikoak soinean zituztela. Sahatsa dantza taldearen 50. urteurrenari eskainitako karroza plazaraino eraman bazuten ere, ez zen umerik igo. Karrozatik bota beharreko gozokiak eta konfetia banderadun nagusiaren atzetik banatu zituzten LH 1eko dantzari jantzitako haurrek, eta segizioa sukaldari txikiek itxi zuten, txorizoak lepotik zintzilik.
Gurea pilotalekura iristean, ikusleak atarian itxaron zuten, protagonistak barruan tokia hartu bitartean. Ateak ireki zirenean, harmailak pixkanaka bete ziren. Danborradakoak eta ikus-entzuleak iristerako, Oñatitik ekarritako dantzarien erraldoiak zeuden frontoiko kantxan. Haien aurrean jarri ziren musika bandakoak, danborradaren pieza guztiak jotzeko.
Ordubete eskasean amaitu zen danbor festa, baina ez ospakizuna bera. Izan ere, danborradako parte-hartzaile guztiek merienda ederraz gozatzeko aukera izan zuten pilotalekuan. Gainera, haur askok Gukak jarritako photocallean argazkiak ateratzeko aprobetxatu zuten unea, argazki horiek bihar Azkoitia Guka webgunean argitaratuko direlarik.




