Atzo ospatu ziren lan saioak, eskualdeko industria-enpresetako hainbat profil profesional eta arduraduni zuzenduta. Helburua zen teknologia honen ezagutza orokorretik harago joatea eta AA Sortzaileak eguneroko lan-funtzioetan eskaintzen dituen aukeretan sakontzea.
Lan saioak hiru profil profesionalen arabera antolatu ziren, enpresa barruko arlo bakoitzaren errealitatera egokitutako erabilera-kasuak lantzeko. Lehenengo saioa marketin, salmenta, bezeroarentzako arreta eta salmenta osteko profilei zuzendu zitzaien, 6 enpresetako 13 ordezkarirekin. Bigarrena, bulego tekniko, ekoizpen, biltegi eta kalitate arloetako profesionalei, 6 enpresetako 16 parte-hartzaile bilduz. Hirugarrena, berriz, zuzendaritza, finantza, erosketa eta berrikuntza arduradunei zuzendu zitzaien, 6 enpresetako 7 ordezkariren parte hartzearekin.
Saioen izaera praktiko eta aplikatua izan zen ardatz nagusietako bat. Parte-hartzaileek AA Sortzailearen tresnak zuzenean ezagutu eta probatzeko aukera izan zuten, teknologia horrek beren lanpostuan edo arloan izan ditzakeen erabilerak identifikatzeko. Horrela, erabilera generikoetatik harago, enpresa bakoitzaren eguneroko errealitatera hurbiltzea bilatu zen.
Lan-saioek erakutsi zuten AA Sortzaileak industria-enpresen hainbat arlotan aplikatzeko aukerak eskaintzen dituela. Gakoa, teknologia horri etekina ateratzeko, enpresa eta profil bakoitzaren beharretara egokitutako erabilera-kasuak identifikatzea dela nabarmendu zen.
Lan-saio hauek Iraurgi Berritzenek eskualdeko industria-enpresen trantsizio teknologiko-digitala eta lehiakortasuna indartzeko egiten duen lanaren baitan kokatzen dira, teknologia berriak eguneroko jardunean modu praktiko eta eraginkorrean txertatzen laguntzeko.




