Gaur goizean Zarautzen aurkeztu dituzte Emakumezkoen Euskal Herriko Itzuliaren xehetasunak, maiatzaren 15ean hasiko den lasterketa. Lehen etapa honetan, txirrindulariek 121,3 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, eta Azkoitiko lurrak ere zapalduko dituzte.
Inaugurazio etapa Zarauzko malekoian hasiko da, eta handik Debara abiatuko dira parte-hartzaileak. Ondoren, Kalbario eta Azkarate mendateak igaro beharko dituzte, Azkoititik Azpeitira joan aurretik. Urrestillatik igarota, Santa Ageda igoko dute, eta Etumetatik pasatu ondoren, Aizarnazabal zeharkatuko dute Zubialdetik. Azkenik, Garate igo eta gero, Zarautzen izango dute helmuga.
Guztira, hiru etapa izango ditu aurtengo edizioak. Zarauzkoaren ondoren, bigarren etapa Bizkaian jokatuko da hurrengo egunean, Abadiño eta Zornotza artean. Itzulia maiatzaren 17an amaituko da, hirugarren eta azken etaparekin, Donostialdean.




