Zarauzko Triatloia, eskualdeko kirol hitzordu garrantzitsuenetako bat, larunbat honetan izango da. Ekitaldiak 800 kirolari inguru elkartuko ditu eta eragina izango du bai Zarautzen bertan, bai inguruko herrietan, tartean Zumaiakoan.
Proba 14:00etatik 18:30era bitartean luzatuko da, eta denbora tarte horretan hainbat errepide itxita egongo dira ibilgailuentzat. Zehazki, txirrindularitzako zatia kostako errepidetik igaroko denez, Zumaiatik Zarautzera doan bidea itxita egongo da autoentzat. Horren ondorioz, Zumaiatik Zarautzera joan nahi dutenek AP-8 autobidea erabili beharko dute. Autobidea erabiltzen dutenek ez dute bidesaria ordaindu beharko egun horretan.
Bestalde, Zumaiara sartzeko, kostako bidea erabili ahal izango da, noranzko horretan doan erreia zabalik egongo baita. Gainera, Zumaiako estazio aldera joateko ere aldaketak egongo dira; zabalik egongo den bide bakarra Aitzuri pilotalekuaren ondoko saihesbidea izango da.




