Zumaiako Udalak elikadura burujabetzaren inguruan abian duen herri prozesuaren barruan saio irekia egingo du ostegun honetan, azaroaren 19an, 18:30ean Komentuko Frantziska Labaien gelan. Aurreko saioan proiektuaren xedea, helburuak eta balioak landu ondoren, oraingoan proiektuak eskain ditzakeen zerbitzuak aztertuko dituzte eta horiek martxan jartzeko lehen urratsak identifikatzen hasiko dira.
Lau lan eremu izango dituzte hizpide: bertako elikagaiak merkaturatzea eta eskuratzea (salmenta egonkorra, zuzeneko salmenta, eskaera eta bilketa sistemak), elikagaiak prestatzea eta otorduak eskaintzea (eramateko janaria, jantoki zerbitzua), elikaduraren inguruan heztea (tailerrak, dastaketak, solasaldiak) eta ekoizleen eta tokiko ekimenen garapena laguntzea.
Talde txikietan lan eginez, zerbitzu bakoitza martxan jartzeko beharrezko urratsak, aukerak eta zailtasunak identifikatu nahi dituzte. Era berean, Erkibe eraikina prest egon aurretik aurrera eraman daitezkeen ekimenak eta lau lan eremuen arteko elkarlanerako aukerak aztertuko dituzte.
Herri prozesuak izaera publiko komunitarioa izango du, herritik eta herritarrentzat eraikitako ekimena izatea du xede, tokiko elikadura-sistemari eta herriaren bizitza sozial eta ekonomikoari ekarpena egiteko. Horrenbestez, Udalak herritarrak, ekoizleak eta proiektuan interesa duten tokiko eragileak parte hartzera gonbidatu ditu, baita aurretik parte hartu ez dutenak ere.




