Udako Musika Printzak jaialdiaren edizio berri bat iritsiko da datozen asteetan Azpeitia ko hainbat txoko berezitan. Aurten, jaialdiak Urolako Trenaren mendeurrena du aitzaki nagusi, eta horren harira, uztailaren 17rako kontzertu ibiltari bat antolatu dute Azpeitia eta Lasao arteko trenbidean.
Antolatzaileek azaldu dutenez, "omenaldia egin nahi dio zikloak azpeitiarron bidaide izan den tren ezagunari". Trenaren espazio mugatuak eta kontzertu ibiltariaren berezitasunak direla eta, sarrerak aldez aurretik jarriko dira eskuragarri. Horretarako aukera astelehenetik, uztailaren 6tik aurrera egongo da, Kulturaz kooperatibaren webgunean ([Kulturaz.eus](https://www.kulturaz.eus/agenda/udako-musika-printzak-urolako-trena-mende-batez-azpeitiarron-bidaide)).
Uztailaren 10ean hasiko da Udako Musika Printzak jaialdia, eta programazio zehatza aurrerago ezagutaraziko dute arduradunek. Aurreko urteetan, musika inprobisatua, parte hartze korala, orkestren bisitak eta flamenkoa izan dira jaialdiaren ezaugarri, eta emanaldiak herriko ondare diren hainbat gune esanguratsutan egin izan dira, hala nola udal garbitokian, Bakardadearen kaperan, Amatasuna eskultura parean, Basazabal jauregian, Magdalenako baselizan, Sanagustin kulturgunean edota Enparan dorretxean.




