Aurtengo edizioan, 50 bertsolarik hartuko dute parte, eta 15 saio jokatuko dituzte hiru fasetan: lehen fasea, finalaurrekoak eta finala. Azken hau Iruñeko Nafarroa Arenan izango da, abenduaren 20an.
Debabarrendarentzat ere egun berezia izango da txapelketa, izan ere, urriaren 31n, finalaurrekoetako bat Eibarren jokatuko da. Bertan izango dira 2022ko finalistak, Alaia Martin eta Nerea Ibarzabal. Haiekin batera arituko dira lehen fasean gaur Hazparnen eta urriaren 11n Agurainen irabazten dutenek, baita lehen fasean puntuazioz 5. eta 8. sailkatzen direnek ere.
Txapelketak izen berria hartuko du aurten: Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Gainera, irudia, eszenografia eta sintonia prozesu sortzaile kolektibo baten emaitza dira. Irati Antia arduratu da iruditeriaz, Malen Agirre eszenografiaz, eta Lumik (Nahia Zubeldia eta Manu Matxain) sintoniaz. Aurkezpena irailaren 10ean egin zuten Azpeitiko Sanagustin kulturgunean.
Txapelketaren nondik norakoak hainbat hedabidetan jarraitu ahal izango dira. Bertsozale Elkartearen atarian informazio eguneratua eskainiko dute, emaitzak, sailkapenak eta datu praktikoak barne. ETB1ek zuzenean emango ditu finalaurrekoak eta finala, eta ETB Onen lehen faseko saioak ikusgai egongo dira. Gainera, Bertsoa.eus webgune espezializatuak jarraipen sakona egingo dio, kronikak, adituen iritziak eta bertsoaldi puntuagarriak eskainiz. Bidegurutzean bideo-podcastaren zortzi atal ere argitaratuko dituzte.
Txapelketa zuzenean bizi nahi dutenek Bertsosarrerak.eus atarian eros ditzakete saioetarako sarrerak.




